XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ELEIZEA. OGETA BOST URTE GOTZAIN GOTZAIN. GAZTE BAT ZAN

Aurten, urrillaren 12'an, bete dira ogei ta bost urte gure Gotzain dan Antonio Añoberos jauna gotzain egin ebela.

Egun onek zerbait adiazotan dausku guztioi.

Orduan gotzain gazte bat zan, berrogeta bi urte uste dot.

Gotzaiñak zartzaroan egiten zirala uste izaten dogu, baiña beti ez zan orrelan izaten.

EUSKALDUNTZEN

Añoberos, jatorriz euskotarra zan eta bere ikasle-aldian egin zituan euskera ikasten alegin batzuk be, baiña egun baten erritxu baten berbaldi bat euskera egin ebanean, ango abadeak onelan esan eutson: Ederto berba egin dozu, baiña ezer be ez jatzu ulertu.

Berba orreikaz goibeldu ta atzeratu egin zan eta bere euskera ikasteak bertan bera itxi zituan.

Bilbo'n zenbat bearko eban gure izkuntza jakin ba'eban ez eban itziko, baiña geroa ta etorkizuna beti izaten dire illunak.

Gaur euskereari ta euskaldunai dautsen maitetasuna ondo agertzen dau, al dauanik ondoen eta erea dauan guztian euskera erabilliaz.

Maitetasun ori berbakaz barik egiteakaz agertu bear izan dauanean, guztiok dakigun lez, adoretsu ta kementsu jokatu dau gure Antonio Gotzain jaunak.

KATEDRALEAN

Ogeta bost urteak diralata, katedralean alkartu giñan gotzain jaunagaz.

Eleiztarrez bete-beterik egoan eleizea eta Mai Santuaren inguruan eun eta berrogeta amar bat abade, beste berrogeta amar inguru eleiztarrakaz.

Gotzain laguntzailleak egin eban berbaldia eta berak agertu zituan burubide batzuk oneik izan ziran: Gaur, lenago baiño urduritasun gitxiagoz eta pozago alkartu gara.

Abadeak eta lekaide-lekaimeak, Vaticano'ko II Eleiz-batzarrean argi dagoanez, gotzaiñaren laguntzaille bereziak dira.

Ez dogu izan bear, antxiña lez, abadeok giza-mailla berezi bat, baiña eleiztarrakandik berezituta dagon taldea gara.

Berezitasun au aiztuten dogunean, lanerako poza galtzen dogu eta ez dogu jakiten non gagozan eta zer garan eta gure Barri Ona zabaltze-lana oso aldatz-gora egiten jaku.

Beste alde batetik, ez dogu aiztu bear berezitasun au ez dala beste ezertarako, Jaungoikoaren Erriari obeto laguntzeko baiño.

Talde batek lagundu bear au aiztuten dauenean berekoi biurtzen da eta talde izatea be elburu barik geratzen da.

Azkenean Gotzaiñak eskerrak emon zituan, labur-labur, eta Aita Santuaren onespena eta eleizpeetan jenteagaz artu-emona izan eban, zeozertxu jateko ta edateko eskiñiez.

ALDI TXARRAK ETA ONAK

Gure artean daroazan urteetan izan ditu D. Antonio'k aldi txarrak eta onak, nire ustez bearrak eta neketsuak ugariago.

Samintasunen artean nagusi, berbaldi bat zala ta sortu zan goraberea izan zan.

Bera erbestera eroateko egazkiña gertu egoan Sondika'n, poliziak be prest egon daiten deika, baiña bere erantzuna sendoa: Aita Santuaren aginduz ez ba'da, ez dot urtengo, eta atera gura ba'nozue pistolakaz etorri bearko dozue.

Eta bera ikustera urreratu nintzanean, besarkada luze baten ondoren onelan esan eustan: Aurrera egin bear dogu! Erriagaitik gitxiagorik ezin geinke egin.

Berbaldi ori izango zan, nik uste, Eleizeak Euskalerria lenengoz aintzat artu ebanekoa, lana egiten asteko oinkada eder bat.

SAMINTASUNAK ALKARTUTA

Gogoan daukadaz, eta sekula ez jataz aiztuko, Cadiz'en bere agotik entzun genduzan berbak.

Gure Gotzaiñak baldintza batzuk bete bear ebazala uste genduan, niretzat garrantzi aundikoa zan euskera jakitea be.

Berak etorteko gogo sendoa agertu ebanean, esan neuntsan: Samintasun artean jarraitu bearko dogu eta erantzun eustan: Zuen samintasunak txikiagoak izan daitezan alegin guztia egingo dot...

Berba ori ondo bete dauala uste dot.

Orain samintasunean eta pozean alkartzen gara.

25 URTE GOTZAIN.

OLAZAR'tar Martin'ek.